Mintzapraktikaren oinarria, euskararen normalizazioan eragiteko xedez euskaraz, hitz egiteko ohitura duten lagunak hitz egiteko ohitura ez dutenekin (edo zailtasuna edo aukera ez dutenekin) elkartzea da. Horretarako 5-6 pertsonetako taldeak sortzen dira, astero euskaraz hitz egiteko elkartzen diren talde txikiak, hain zuzen ere. Aisialdian kokatzen dira harreman hauek, eremu ez formalean. Honez gain, hilero ekintza osagarriak antolatzen dira taldeen arteko ezagutza sustatzeko. Programak hizketarako jarioa lantzea, euskaraz mintzatzeko motibazioa eta ohitura txertatzea eta harreman sare euskaldunak ehuntzea ditu helburu.
2007an GEU elkarteak, Gasteizko euskalgintzaren eta beste hainbat eragileren ekimenez Gasteizko Mintzalaguna programa abian jarri zuten.
Mintzapraktika programek garapen izugarria izan dute. Azken sei urteetan; parte hartzea laukoiztu egin da. Euskal Herri mailan 65 herri/eskualdetan 640 mintza talde daude martxan. Guztira 4.000 lagun inguru ibiltzen dira mintzapraktikan.
Horietatik 800 gutxi gorabehera Araban biltzen dira eta Gasteizen daude mintzalagun gehienak, 600 pasatxo.
Egitasmoa arrakastatsua dela bermatzen dute datuek, beraz hurrengo pausoari ekin genion orain dela 3 urte; euskararen normalizazio prozesuan estrategikoak diren kolektiboak erakartzea, ezarri genuen helburu gisa. Horri heltzeko bi aldaera ditugu momentu honetan abian:
- GURASOLAGUNA aurrera eramaten da Gasteizko 20 ikastetxeetan. Euskararen transmisioa erronka dugun honetan, gurasoek lehentasunezko kolektiboa osatzen dute etxeko hizkuntza ohituretan eragin zuzena dutelako.
- GAZTELAGUNA martxan jarri dugu gazteek ere kolektibo estrategikoa osatzen baitute, etorkizunean kalean entzungo den hizkuntza gazteek gaztaroan erabiltzen dutena izango baita.
Info+: 945 222153/ 688819118/ 648907565 edo pasa zaitzez gure bulegotik!

